
Biribilko 2020-2021 ikastaroen ebaluazioa
Biribilko 2020-2021 ikastaroetara joandako ikasleek, oro har, oso ondo baloratu dituzte. Horren adierazgarri, ikastaroei emandako batez besteko puntuazioa: 0tik 10era doan eskala batean, 8,8 puntu, hain zuzen ere. Horrekin batera, aipatzekoa ikastaro hauek, erabilera komertzialean izan duten eragin positiboa: izan ere, ikasleen %72k adierazi dute, euskara ikastaro hauei esker, euskara lehen baino gehiago erabiltzen dutela euren jarduera komertzialean. Ildo berean, ikastaro hauek, merkataritza sektorearentzat oso gomendagarriak direla irizten diote. Izan ere, 10etik 7k uste dute, euskara tresna baliagarria dela bezeroen asebetetze-maila areagotzeko eta bezeroak fidelizatzeko.
PDFa jaitsi [252.94 Kb]

EUSKARAREN TXANDA: BILBON ARRETA EUSKARAZ ESKAINTZEN DUTEN MERKATARITZA ESTABLEZIMENDUAK IDENTIFIKATZEKO EKIMENAREN INPLEMENTAZIOA
Udalaren ekimen honen bitartez, Bilboko merkataritza sektoreko langile eta bezero euskaldunen artean, euskararen erabilera bultzatu nahi da. Horretarako, Bilbon arreta euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen duten establezimenduak identifikatu eta ikusgarritasuna eman nahi izan zaie, Euskararen Txanda ikurra edo marka sortu eta zabalduz. Izan ere, euskaraz dakiten herritarrak gero eta gehiago dira eta, hizkuntza normalizazio prozesuan aurrera egiteko, garrantzitsua da Bilboko bezero euskaldunei euskara erabiltzeko dauzkaten aukerak begi bistan ipini eta horren bidez, euskararen erabileraren aldeko hautua sustatu eta erraztea. Era berean, ekimen honek bezero euskaldunei eskainitako zerbitzuaren kalitatea areagotzeko aukera ematen du, gertutasuna erakutsiz eta erosketa esperientzia atseginagoa eginez.
PDFa jaitsi [1.15 Mb]
Biribilko egitasmoa: 2020ko ikuspegia
Dokumentu honetan, alde batetik, Biribilko egitasmoaren ezaugarri nagusiak aipatzen dira, bere helburuak eta funtzionamendu-irizpideak gogora ekarriz, besteak beste. Beste alde batetik, 2021. urtera arte, egitasmo honen barruan lantzen diren ekimen nagusien berri ematen da. Dokumentu hau, 2020ko abenduan, Bilboko Euskararen Aholku Batzordeari egitasmoaren berri emateko osatu zen dosierrean oinarrituta dago.
PDFa jaitsi [155.28 Kb]

BIRIBILKOREN DATU BASEA GAURKOTZEKO ETA MERKATARITZAN EUSKARAK BIZI DUEN EGOERARI BURUZKO DATUAK LORTZEKO BURUTUTAKO LANDA-LANA
2019ko iraila eta urrian, Biribilko egitasmoaren baitan, hiru urterik behin datu-basea eguneratzeko aurreikusita dagoen landa-lan zabala burutu da. Horretarako, Bilbon kokatutako merkataritza establezimendu guztiak banan-banan identifikatu eta bisitatzeko ahalegina egin da, inkestagileen landa-lan sare zabal bat osatu eta prestatuz. Informazioa jasotzeko, galdesorta egituratu bat diseinatu da eta horretan oinarrituta, establezimenduetako arduradunak elkarrizketatu dira. Ondorengoa izan da Bilboko merkataritza establezimenduetan jasotako informazioa: alde batetik, establezimenduen identifikazio-datuak (izena, jarduera-adarra, helbidea, telefonoa, posta elektronikoa, webgunea); eta bestetik, euskararen egoerari buruzko datuak: langile kopuru orokorra eta langile euskaldunak; establezimenduan euskara sustatzeko erakutsitako interesa; bezeroari arreta euskaraz egiteko establezimenduak adierazitako gaitasuna. Guztira, ia 3.500 establezimenduri buruzko informazioa jaso da.
PDFa jaitsi [475.2 Kb]
Biribilko 2018-2019 ikastaroen balorazioa
Biribilko 2018-2019 ikastaroen inguruko ebaluazioak, ikasturte horretan ikasten ibili diren merkatarien nahiz klaseak eman dituzten irakasleen asebetetze-maila altua erakusten du. Hain zuzen, 0tik 10era bitarteko eskala batean, ikastaroen inguruan egindako batez besteko balorazioa 8,44 puntukoa izan da, eta irakasleek egindakoa, aldiz, 7,29koa. Gainera, onartzen dute ikastaroek eragin positiboa dutela euskararen erabileran; parte-hartu duten merkatarien %72,7k euskara gehiago erabiltzen du lan egiten duen establezimenduan ikastaroetan hasi zenetik.
PDFa jaitsi [1.21 Mb]
Hainbat dokumentu ikusi ahal izateko Acrobat Reader instalatuta izan behar da. Acrobat Reader instalatu.