Edukietara salto egin Nabigaziora salto egin
Azala Eu Es

Establezimenduak

Iritzi komertzialak

« Itzuli

Lula

ALDE ZAHARRA-ZAZPI KALEAK
Jantziak, oinetakoak eta larrua
Bidebarrieta, Santiago Plaza
944164372

"Oso garrantzitsua da euskarak ematen duen konfiantza, euskarazko harremanak etxekoagoak direla sentitzen dugu"Mikel (Lula dendako arduraduna)

Aurkeztuko duzu zeure burua, mesedez?
Ni Mikel naiz, Lula-ko ugazabatariko bat, eta bi denda dauzkagu: bat Indautxun, Iparragirre kalean, eta bestea Santiago plazan.
Zure establezimenduarentzat euskara garrantzitsua al da?
Nik uste nuena baino gehiago, egia esan hasieran, ireki genuenean, duela 11 urte, pentsatzen nuen ez nuela hainbesteko tratua edukiko jendearekin euskaraz, baina konturatu naiz % 70 inguru, bertako jendea, ez turistak, nahiz eta euskaldun zaharrak ez izan, euskaraz komunikatu ahal dela.

Azken urte hauetan, zein izan da euskararen erabileraren eboluzioa zure establezimenduan?
Niretzako garrantzitsuena izan dena Indautxuko dendan euskararen eboluzioa izan da. Alde Zaharrean denok pentsatzen dugu euskara gehiago erabiltzen dela, bertan bizi den jende motagatik edo..., baina Indautxun euskaldun berri asko ikusi ditut azken boladan eta nik espero ez nuen jendeak ere euskaraz egiteko gogoa dauka eta eskertu egiten dute zuk salmenta bat euskaraz egitea, eta beraiei aukera hori ematea, eta aukera izatea ikasteko eta elkarrizketa bat izateko, kostatu arren.

Zer ematen du euskarak?
Nik uste dut oso garrantzitsua dela ematen duen konfiantza "plus" hori, ze euskarazko harremanak etxekoagoak direla sentitzen dugu eta horrek tratuan erraztasun gehiago ematen digu eta guk erosoago saltzea eragiten du eta beraiei erosketak egiterakoan lasaiago egotea; ez dugula engainatzen sentitzea, eta batez ere, herrietako jendea beraien herrian egongo balira sentiarazten dugu.

Eta zeintzuk dira bezero euskaldunen ezaugarriak?
Batetik, badago herrietako jendea, eta bestetik euskaldun berri asko dago, batez ere umeekin euskara ikasten ari den jende asko, eta horiek umeekin datoz, euskaraz hiru edo lau hitz egiten beraiekin eta hori aprobetxatuz zurekin ere euskaraz hasten dira, eta horrek lotura antzeko bat sortzen du, konfiantza puntu bat, niretzako oso erosoa dena.

Bezero euskaldunei euskaraz egiteko aukera eman eta zein izaten da beraien erantzuna?
Eskertu egiten dute. Ni euskaldun izanda sentitzen dut askotan ahalegina eginda ere leku askotan ezin dudala euskaraz egin, eta batez ere, denda handiagoetan eta, ez dute kontuan edukitzen herri bakoitzaren ezaugarriak bultzatzeak duen garrantzia. Niretzako denda txikiak egin behar duena da bertako jendeari aukera horiek eman, jendea eroso sentitu arazi gugana etorri daitezen, eta salmenta pertsonalagoa izan dadin, ez hain hotza.

Euskarazko arreta eskaintzen jarraitzea zergatik da garrantzitsua zuen dendan?
Niretzako zenbat eta aukera gehiago eman, gero eta aukera gehiago daukagu jendearengana heltzeko eta jendea eroso sentitu araztea guretzako gure armarik gogorrenetarikoa da, ze prezio aldetik multinazionalekin ezin baduzu lehiatu, guretzako jendea etxean egongo balira bezala aholkatzea eta gure herrikoak balira bezala tratatzea gauza garrantzitsuenetariko bat da.